Nortzuk gara

zurigorri_baltzz

Zurigorriak Euskaraz K. E.

Zurigorriak Euskaraz Kultur Elkartea 2014an jaio da, hedabideen arloan balio bi zabaltzeko asmoz: Athletic Cluben inguruko zaletasuna eta euskara. Bizkaiko gizartearen oinarrietako batzuk dira, baita Euskal Herrikoak ere. Balio horiek maitatzeak eragin du elkartearen sorrera.

“Herritik sortu zinalako, maite zaitu herriak”. Hori da Athletic Club futbol taldearen ereserkiak dioen lemetako bat. Umeetatik adin nagusikoetara, herritarrek beretzat duten taldea, herriaren sustraietan errotua. Athletic ez da klub soil bat, eta zaleak dira bere bereizgarri garrantzitsuenetako bat. Era berezian bizi dute taldearen partidu bakoitza, baita taldeagaz zer ikusia daukan beste edozer ere. Horregatik, Zurigorriak Euskaraz Kultur Elkarteak Athleticekin lotutako arlo hori landu gura du, zaleak omentzeko modu bat bihurtuz. Zaleak informatu, baina zaleen inguruan ere bai. Athletic Club, bizitzeko modu bat delako. Athletic Unibertsoa da gurea.

Eta lanketa hori euskaraz egingo du Zurigorriak Euskaraz Kultur Elkarteak. Izan ere, ez dira hedabide asko Athleticen inguruan euskaraz dihardutenak. Baina badago esparru euskaldun zabal bat Athleticen zaleen eremuan. Gainera, futbolaren indarra eta Athletic Clubek gizartean daukan eragina kontuan hartuta, aitzakia onak dira euskararen zabalpenerako. Beraz, gure lanarekin euskararen normalizazioan eragin dezakegula uste dugu. Bokazio horrekin jaio da elkartea. Gure ekinbidea, euskararen aldeko tresna izango da.

Filosofia horren bueltan jaio da Zurigorriak Euskaraz Kultur Elkartea. Hausnarketa eta azterketen ostean, webgune edo hedabide digital bat sortzeko beharra ikusi dugu. Webgune bat erreminta egokia da zaleen inguruko bideoak, argazkiak edo iritziak biltzeko, eta gaur eguneko komunikazio tendentzietan eragina izan dezake. Hor, garrantzi berezia hartuko du gazteen atalak; gazteak dira Internet gehien erabiltzen dutenak, eta euren euskalduntzean lagundu dezake. Gainera, Athleticen inguruko informazio bizia eskaintzea ere bada gure helburua.

Motibazio guzti horiengatik, martxan dago www.geuria.info webgunea. Izenak dioen bezala, Athletic geurea delako, herritarrona, euskaldunona. Atari horretan sailkatu ditugu Athleticen eta bere zaleen inguruko albisteak, erreportajeak edota elkarrizketak. Esate baterako, 2014ko Athletic Eguna ospatu zuten taldearen peñek Muskizen, eta egun hartan bizitakoa bideo batean jasota ageri da. Zale zurigorriak dira www.geuria.info atariko protagonistak, eta euskara izango da eurek informatzeko ardatza.

Licencia de Creative Commons
Geuria.info by Zurigorriak Euskaraz K.E. is licensed under a Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 4.0 Internacional License.