FBL-EUR-C3-ATHLETIC-APOEL

Aurrelarien azken nota

Erasoko jokalariek maila ona eman dute denboraldi osoan zehar baina zenbait une erabakigarritan ez dira agertu 

Aurten aurrelariek haien lana nahiko ondo egin dutela argi dago. Izan ere, denboraldi osoan zehar hamar partida bakarrik egon da taldea gola sartu gabe, eta datu hau oso esanguratsua da. Honez gain, talde zuri-gorriak 53 gol sartu ditu Ligan, eta guztira 381 jaurtiketa gauzatu ditu. Athleticek ez du erasoko jokoan arazorik beraz, baina denboraldiko unerik erabakigarrienetan (Apoelen aurka, esaterako) taldearen aurrelarien papera nahiko grisa izan da.

Taldeko goleatzaile nagusiarekin hasiz gero, Aritz Adurizen denboraldia ona izan da. Aurrelari donostiarrak 24 gol sartu ditu aurten txapelketa guztietan, eta nahiz eta jadanik 36 urte izan Athleticek bere beharrizana dauka erasoko jokoa aktibatzeko. Adurizek jokoan duen eragina ez da urteekin amatatzen, bere gain hartzen jarraitzen duelako taldearen erasoko pisu handi bat. Beteranotasunaren ordezkoa gaztetasuna da, eta hemen Asier Villalibreren papera sartzen da. Gernikakoak ez du oraindik lekurik lehen taldean eta Soria aldera joan behar izan da bere heziketarekin jarraitzeko. Hala ere, Ligan eta Europan debuta egin du jadanik eta bi txapelketetan asistentzia bana eman du. Iñaki Williamsen denboraldia, oro har, ona izan dela ondorioztatu dezakegu. Aurrelari bilbotarra hegaleko posiziotan geroz eta hobeto moldatzen da, eta bere abiadura bizia eskemak apurtzeko eta partidak irekitzeko tresna ezin hobea da. Gainera, zortzi gol sartu ditu aurten, Ligan, Kopan eta Europa Leaguean atea zulatuta.

Iker Muniainen kasua berezia izan da. Izan ere, Iruñako jokalariak bere bertsiorik onena berreskuratu du aurten, sekulako bigarren itzuli bat eginez eta taldearen giltza nagusia izanik. Partidako onenetarikoa izan da ia beti, eta bere joko bereziak txispa ekartzen dio taldeari mugikortasun handia emanez erasoko jokoan. Honez gain, atea zulatzeko arazorik ez duela erakutsi du, eta aurten zazpi gol sartu ditu. Bestalde, azken protagonista eta goiko jokalarien artean urterik onena egin duena Raul García izango zen. Aurrelari nafarrak bere izaera erakutsi du denboraldi osoan zehar eta puntu pila eman dizkio taldeari bere borroka, indarra eta baita joko konbinatiboari esker. Talde zuri-gorriaren eskeman ezinbestekoa bihurtu da Raul García, eta hamaikakoaren liderretako bat da duda barik. Berdegunean duen eragin handiaz aparte bere zenbakiak ere oso lodiak dira: 14 gol eta 9 asistentzia txapelketa guztietan.

Gaztetasun eta beteranotasunaren konbinaketan datza eraso zuri-gorriaren arrakasta. Baina hurrengo denboraldietan aldaketak egongo dira bereziki linea honetan, eta beteranoen pisua oraingo gazteek hartu beharko dute. Kalitate aldetik prest daude, baina Zigandaren lana izango da eraso hau eraginkorki ustiatzea.

 

Argazkia: LaLiga.es