enrich

Armaginen armak

Talde zuri-gorriak astelehenean bere etorkizun europarra zehaztu ahal duen neurketa jokatuko du borrokan murgilduta dagoen Eibarren aurka 

Europar asmo ezberdinak talka egingo dute Ipuruako norgehiagokan. Alde batetik, lehen mailan dagoenenetik bere denboraldi onena gauzatu duen Eibar ilusionatu bat agertzen da, Europan sartzeko lehen aukera aurten izanik. Beste aldetik, Europa League-a jokatzeko ohitura hartu duen talde bilbotar bat heltzen da, gora-behera askoko denboraldi baten ostean momentu erabakigarrira unerik onenean helduta.

Mendilibarren taldeak jadanik leku bat egin du Espainiako Ligako futbol gorenean. Momentuz zortzigarren posizioan kokatzen da 50 punturekin, eta Europako postuak eskumenera ditu. Talde gipuzkoarrak badaki zertara jokatzen duen eta ederki gauzatzen du entrenatzailearen ideia, arrakastaren lehen urratsa azken hau izanik. Armaginen bi ardatz nagusiak antolaketa taktikoa eta talde osoaren solidaritatea (baloiarekin zein baloi barik) dira, baina talde honek ezaugarri interesgarri ugari ditu.

Eibarrek lineak oso ondo batzen ditu eta presio altua maisuki aurrera eramaten du. Mendilibarren zigiluetako bat da hau, izan ere bere taldeak oso ordenatuak izan dira beti, metodo honen bidez aukera gutxi eskainita aurkariei. Presio altua baloi trantsizio luzeak burutzen dituzten taldeekin oso eraginkorra da, eta Athletici neurketaren makila bide honetatik kentzen saiatuko da. Normalean baloi jabetza ez dute borrokatzen, baina kontraerasoan oso arriskutsuak izan ahal dira haien jokalari bizkorrak erlazionatzen badira.

Armaginen beste arma interesgarri eta erabilgarri bat hegalak dira. Zelaiaren eskuin zein ezkerretik min asko egiten dute Capa, Arbilla eta Lunaren sakontasun handiarekin. Goiko posiziotara asko heltzen diren jokalariak dira, eta erdiraketen zein barneraldien bidez min asko egiten dute aurkarien defentsetan. Baina erasoko jokoari buruz hitz eginez gero, Pedro Leónen izena nabarmendu beharra dago. Murtziako erdilariak sekulako kanpaina gauzatu du Eibarren, eta taldeko jokalaririk garrantzitsuenetarikoa da. Estrategia jokoan jaun eta jabe da Real Madrileko eta Getafeko jokalari ohia, eta honez gain driblin eta jaurtiketa ederra du.

Bukatzeko, erasoko antolamendu bakun baina oso eraginkorrean datza Eibarrek atera begira duen arrakasta. Sergi Enrich taldeko goleatzaile nagusia da 10 golekin, eta airez zein bi hankekin atea bilatu eta aurkitzeko gai da. Ciudadellako aurrelariaren eraldaketa oso bortitza izan da denboraldi honetan, baina hein handi batean bere atzean duen ezkutariari esker gauzatu da. Bigarren puntaren papera ondo baino hobeto betetzen du Adrián Gonzálezek: burukada ondo menperatzen du, ateari bizkarra emanda ekarpen handia ematen dio taldeari eta bigarren jokaldietan maisua da Michelen semea. Aurkariaren ezaugarriak hauek direlarik, partida serio eta landu bat egin beharko du Athleticek Ipuruako borrokan garaile ateratzeko. 

 

Argazkia: LaLiga.es