neskak

Hirunaka

Athleticek garaipen berri bat eskuratu zuen Santa Teresari 2-1 irabazita

Joseba Agirreren taldeak bere dinamika onarekin jarraitzeko aukera zuen Lezaman. Santa Teresaren bisita tokatzen zen, eta goiko postuetatik ez urruntzeko garaipenak berebiziko garrantzia zuen. Baina berriz ere sufritzea tokatu zaion, tradizioa denez markagailua irauli behar izan zutelako.

Partida nahiko deskonektaturik hasi zuten zuri-gorriek. Honela, 14. minutua zela Santa Teresak lehen gola eskuratu zuen: Tia Halinen aurrelariak Sierraren akatsa aprobetxatu zuen atezaina gainditzeko. Berriz ere maldan gora jokatzea tokatzen zen, baina lehoiak esparru honetan adituak dira jadanik.

Gutxika-gutxika etxeko taldeak aurkaria bere zelaian sartu zuen. Horiek horrela, lehen zatia bukatzear zegoela Athleticen berdinketa etorriko zen: Lucíak eskuin hegaletik sekulako jokaldia egin ostean erdiraketa ipini zuen eta atzelari batek bere atean sartu zuen baloia. Bana eta aldageletara.

Bigarren zatian Joseba Agirreren taldeak baloiaren jabetza lortu zuen eta aukera argiak sortu zituen. Joana Flavianok partidaren makila hartu zuen, taldea nahieran mugituz. Nekanek eta Yulemak sekulako aukerak izan zituzten, baina Mainguy atezainaren aurrean ezin izan zuten asmatu. Hala ere, Athleticeko killerrak ez du birritan barkatzen. Yulemak korner jaurtiketa bat orpoz errematatu zuen 21ekoa ipiniz markagailuan. Aurrelari gasteiztarrak jadanik 15 gol sartu ditu, goleatzaile nagusien laugarren postuan kokatuta.

Markagailua loditzeko pare bat aukera izan zituzten, baina neurketa honela bukatu zen eta zuri-gorriek beste garaipen bat lortu zuten Lezaman. Honela, Athletic bosgarren postuan mantentzen da 39 punturekin.

Argazkia: LaLiga.es