muni

Hausnarketa unea

Neguko etenaldia helduta, talde zuri-gorriaren denboraldiko irakurketa egiteko momentua heldu da

Denboraldiaren lehen zatiarekin batera taldearen lehen balorazioak datoz. Honela, Athleticen jokoa soilik aztertuko bagenu, denboraldi kaskarra dela esango genuke. Izan ere, taldea joko praktikoago batera irauli egin da, eta goiko posizioetan kalitate handia metatzen duenez bide honetatik partida asko aurrera atera ditu. Erromantikoen kritikak zein zuhurren laudorioak jaso ditu Valverdek eboluzio honengatik, agian zaleek badakitelako bien arteko orekan datzala arrakastaren mamia.

Jokatzeko eraren eztabaida alde batera utzita, lehoiak aurtengo hiru txapelketetan bizirik daude. Ligan sendo mantentzen dira Valverderen mutilak, Europako postuen borrokan murgilduta eta, batez ere etxean, emaitza oso onak lortuta. Europa League-a beste istorio bat izan zen, erraza zirudien multzo batean asko sufritu ondoren hurrengo faserako sailkatu ziren, baina zalantzaz betetako zaku bat eramango dute Nikosia aldera. Azkenik, Kopako lehen kanporaketan Racing kanporatu ondoren, Athleticek azken urteotako ezagun zail bat izango du aurrean: Bartzelona.

Aurtengo denboraldian zehar aldaketa asko gauzatu dira. Atepean Valverderen trantsizio gozoak ez zuen asko iraun eta Herrerín Butarque aldera joan behar izan zen, Iraizozek bere lekua hartuta Europan zein Kopan eta Kepa Ligako zaindari izateko. Taldea gaztetu egin da berriz ere, eta Kepa, Yeray edo Vesga zuri-gorrien taldeetako ohikoak dira. Konpetentzia itzela dago aurtengo jokalarien artean, taldearen mailaren seinale. Honez gain, Villalibre deituriko bufalo gazte bat agertu zen aurrelari lanetan, Lezamako faktoriaren azken altxorra. Baina arlo emozionalean kolpe latza jaso zuen taldeak, zein Athletic osatzen duen familia guztiak, Yerayren gaixotasunarekin

Irakurketa hau eginda, bigarren zatiari aurre egitea besterik ez dute lehoiek. Hala, lehen atal honetan lortutako emaitzei esker taldea egoera ezin hobean heldu da neguko etenaldira, baina bigarren atalean emaitza hauei jokoa gehitu beharko zaio amestutako guztia egia bihurtu dadin. Beraz, zuhur zein erromantikoen eztabaida atzean gelditu beharko da, bien arteko dosi perfektuak bakarrik ekarriko duelako arrakasta zuri-gorria. 

 

Argazkia: Athletic-club.eus