“Nire ametsa egunen baten gabarra ateratzea da”

Igorreko erdilariarekin izandako solasaldian bere karrera errepasatzeaz gain taldearen gaurkotasunaz eta futbol gordinez mintzatu gara

Beñat Etxebarriak gai asko jorratu ditu Lezamako eguerdi honetan. Hizketaldian futbolaren munduan egindako bere lehen pausoak nolakoak izan ziren azaldu du, Athleticetik penintsulako beste puntara joateak ekarri zizkion onura zein zailtasunak plazaratuz. Athleticenganako bere sentimenduak adierazi ditu, eta talde zuri-gorriarekin batera bizitako momentu berezi guztiak gogoratu dizkigu. Azkenik, taldearen gaurkotasunaren inguruko zenbait gairen inguruan hitz egin du, bere helburu pertsonalak zeintzuk diren aipatuta eta bere joko zein gaitasunen inguruko analisi bat eginda.

 

Beñat Etxebarria: Betis zein Athleticen ibilitakoa… betidanik pentsatu izan duzu futbola zure bizitzaren parte izango zela? Noiz konturatu zinen honetaz?

Hori inoiz ez dakizu. Baina txikitatik futbolean jolastea gura izan dut. Zortea izan nuen Athleticen 11 urterekin sartu nintzanean, eta ondoren bidea oso luzea izan da baina azkenean lortu dut.

 

Baskonia eta Bilbao Athleticen ibili ostean Conquensera joatea hautatu zenuen. Nola izan zen erabaki garrantzitsu hau hartzeko egoera? Igorre maitea uztea zaila izango zen mutil hain gazte batentzat ezta?

Niretzat oso gogorra izan zen. Bizitza guztian Athleticen egonda ez nuen beste talderik ezagutzen eta erabaki zaila izan zen. Gainera, lagunak eta familia etxean uztea ere gogor egin zitzaidan, baina futbolaria izateko honelako gauzak egin behar zirela banekien. Hainbeste gauza ibilbidean uztea oso oso zaila izan zen.

 

Denboraldi honen ostean Betisegatik fitxatzea erabaki zenuen eta talde zuri-berdean 5 urte ibili zinen momentu on asko bizita. Zein da Betisen ibilitako urteei buruz egindako balorazioa?

Oso harro nago bertan egindako ibilbideaz. Lehen momentutik oso gustura egon nintzen eta oso ondo tratatu ninduten bertan. Lagun asko egin nituen denbora honetan, eta asko miresten dut taldea zein kluba. Haiek eman zidaten lehen aukera, nigatik apustua egin zuten eta eskerrak eman behar dizkiot Betisi.

 

Hegoaldetik bizi izan zenituen zure bihotzeko taldearen egoera ezberdinak: 2009ko Kopa finala, Bielsaren bi finalen urtea… Nola bizi zenuen guzti hau?

Egia esan, Valentziako finalean bertan egon nintzen lagunekin ikusten. Horretaz aparte, Bielsaren garaiko partida guztiak ikusten nituen eta urte hori asko jarraitu nuen. Oso harro sentitu nintzen nire kideek egin zuten beharragatik.

 

2013ko ekainak 26an etxera bueltatzen zara. Zeintzuk izan ziren Athleticera bueltatzeko izan zenituen arrazoiak?

Arrazoi nagusia txikitatik Athleticekoa izan naizela izan zen. Beti gura izan dut hemen jokatu eta azkenean lortu nuen. Lehenago edo beranduago, baina azkenean Athleticera heldu nintzen eta oso pozik nengoen.

 

Zure lehen urtea talde zuri-gorrian, ordea, ez zen erraza izan. Taldera moldatzeko zailtasunak izan zenituen?

Bai. Azkenean han beste era batera jokatzen zen, eta etxera bueltatzean dena ezberdina zen. Etxera bueltatzea ez da beti hain erraza izaten eta niri kostatu egin zitzaidan. Baina hori iragana da eta orain disfrutatzen eta oso gustura nago.

 

Hurrengo urteetan zelai erdi zuri-gorrian egonkortu zinen, eta gaur egun taldeko jokalari garrantzitsuenetarikoa zara. Zein da zure rola zelai barruan?

Nire rola taldeari laguntzea da. Presioan, baloia ateratzerakoan edo estrategia jokaldietan ahalegintzen naiz nire kideak laguntzen.

 

Alboan normalean duzun San Joserekin “izatezko bikote” antzeko bat sortu duzue. Nola ulertzen zara San Joserekin jokatzen?

Oso ondo. San Joserekin erraza da ulertzea jokalari oso ona delako. Agian ezaugarri ezberdinak ditugulako ulertzen gara hain ondo.

 

Zugandik pasatzen da Athleticen joko guztia. Zein da, zure ustez, taldearen jokoaren muina?

Taldeak futbolean ondo jolastea eta partidak irabaztea bilatzen du. Garrantzitsuena partidak irabaztea eta Kopan, Uefan zein Ligan ahalik eta goien egotea da. Ondo jokatuz gero askoz hobeto, baina guk hiru puntuak bilatzen ditugu.

 

Falta jaurtiketetan “maisua” zarela esan dezakegu. Nola da zure errituala falta bat jaurtitzerakoan edo zein da zure sekretua?

Ez dago sekreturik. Baloia jartzerakoan hutsunea nondik dagoen bilatzen dut, eta konfiantza eta barrera nolakoa den ikusita jaurti egiten dut. Faktore asko daude. Hala ere, gero eta gutxiago praktikatzen dut, aurkariek badakitelako estrategia jokaldietan dugun arriskua eta falta gutxi egiten dizkigutelako.

 

Lau urte hauetan momentu bereziak bizi izan dituzu. Baina garrantzitsuena agian Super Kopa izan zen ezta?

Hemen momentu oso onak pasatu ditugu. Orain dela bi urteko finalerdia Espanyolen aurka, gero Bartzelonako finala… Super Kopa oso berezia izan zen. Bartzelonari bi partida irabaztea ezta erraza eta egin genuen moduan gutxiago. Baina honelako momentu gehiago bizi nahi ditugu.

 

Momentu politak izan ziren, baina aurten nahiko gora-behera handiak erakusten ditu taldeak. Nola ikusten duzu aurten taldea?

Athletic ondo ikusten dut. Hobetzeko margen handia du taldeak, gorantza joango gara eta jokoa geroz eta hobeto egingo dugu. Aurten goian egongo gara ziur.

 

Gazteak atea jo dute jadanik… Yeray, Kepa, Vesga eta beste “lehoi-kumeak” nola ikusten dituzu?

Jokalari oso onak dira eta egunero laguntzen diote taldeari. Kontuan hartu beharrekoak dira lan asko egiten ari direlako.

 

Aduriz, 36 urte eta a ze nolako zenbakiak, zer esan dezakezu Aritzi buruz?

Ez dut ezer berririk esango. Ikusita egunero nola entrenatzen duen ez dit harritzen. Partida guztietan %100-a ematen du eta bere dohainak anitzak dira.

 

Athleticekoa txikitatik izanda, nola deskribatuko zenuke kluba eta bere inguruan arnasten den guztia?

Athletic talde oso handi bat da, Espainiako handienetarikoa. Gauzak oso ondo egiten ari da, ez bakarrik taldea, baizik eta harrobitik hasita. Ikaragarria.

 

Bukatzeko, ametsen bat daukazu aurtengo denboraldirako?

Nirea, eta nik uste talde guztiarena, gabarra bat ateratzea da. Horrelako zerbait bizitzeko irrikatzen gaude.