Gora Futbola! Gora Athletic! Ta Gora Emakumeak!

Mezu hori bota du bertsoan udaletxeko balkoitik Manex Sagarnak, Athleticeko nesken atezainen entrenatzaileak, emakumeen futbolaren aldeko aldarri argia eginez.

Gabarrarik gabe, baina emozio handiz bizi izan da gaur Liga garaipena. Begonako basilikan hasi, udaletxean jarraitu, eta Aldundian amaitu da jaia. Jokalariek autobus baten gainean egin dute ibilbidea, Bilboko kaleetatik zehar zaleak agurtuz.

Milaka zale batu dira ospakizunera, eta hainbatek Gabarra ateratzeko eskaera egin dute abestuz. Emakumeen aldeko erreferentziarik ez da falta izan. Hala ere, tituluaren balioa izan da garrantzitsuena; Iraia Iturregi kapitainak esan lez, 9 urtez egon dira lanean titulu bat Bilbora ekartzeko.